2012/01/17

Agur eta ohore Epelde!

Larunbatean eman zuen azken hatsa Joxe Mari Soraluze "Epelde" soinu jotzaileak

Joan den larunbatean zendu zen Epelde, baina atzo zabaldu zuen berria Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak. Hileta elizkizuna atzo egin zen Azkoitiko parrokian.

Ia mende oso bat bizi izan da Epelde eta urte horietatik, 80 bat eman ditu soinu txikiari lotuta. Xabier Gantzarain idazleak haren inguruko biografia idatzi zuen 2004ean eta Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak argitaratu zuen.

www.berria.com
1914an jaio zen Epelde Azkoitiako Martirieta auzoan, Munoa baserrian. Auzo horretako baserri gehienetan zeuden soinu jotzaileak eta berari ere irrika piztu zitzaion. Hala ere, etxetik zetorkion musikarako zaletasuna aita eta aitona dultzaineroak bait zituen.

Baserriko lana amitu ondoren ekiten zion soinua jotzeari, baina 1936ko gerra iritsi zenean denboratxo bat eman zuen jo gabe. Gerrak oroitzapen gogorrak uzteaz gain, hiru balen markak ere utzi zizkion: sorbaldan, gibel aldean eta oinean.

Gerratik bueltatu zenean berriro hartu zuen soinua eta Epelde baserriko Joxepa Balentziagarekin ezkondu zen, baita 8 seme-alaba izan ere. Seme-alabak hezi beharraren pisuak ez zuen inoiz Epelde soinua jotzetik aldendu. Frankismo garaian ere ez zuen soinua isildu eta erromeriak egin zituen mendi partean.

1972an bere semeetako batek, Tomasek alegia, Euskal Herriko Trikitixa Txapelketa irabazi zuen; bere aita bigarren geratu zen Egurrolarekin, bere ohiko pandero jotzailearekin. 1979koa da Epelde eta Egurrolaren grabazio bakarretakoa, ez bait ziren sekula atrebitu.
80 urterekin utzi zion Epeldek soinu txikia jotzeari, baina harekiko sentitzen zuen maitasuna baztertu gabe.

No hay comentarios:

Publicar un comentario