2012/01/22

Agur bolada onari

Txuri-gorriek partida hasi bezain laster lortu dute 0-1ekoa eta partida osoan zehar nagusi izan dira Simeoneren mutilak. Realak ez du gol aukera argirik sortzeko betarik izan.

Txuri-urdinek porrot mingarria jaso dute etxean Atletico Madrilen aurka 0-4 galduta. Penalti bati esker Falcaok lehenengoa egin du 2. minutuan eta erabat zaildu zaio partida Montaneirren taldeari. Bigarren zatian ere Realak ez du gol aukerarik sortu eta txuri-gorrientzat erraza izan da partida irabaztea.

Partida ez da batere ondo hasi Realarentzat, lehengo minutuetan Muñiz Fernández epaileak penaltia adierazi du txuri-urdinen aurka. Demidovek besoarekin ikutu du baloia area barruan eta Falcaok 11 metrotatik 0-1ekoa jarri du.

Lehenengo minutuetan Reala ez da oso eroso sentitu eta Atletico Madrilek izan du baloiaren jabetza. Minutuak aurrera joan ahala, Montaneirren mutilak txuri-gorrien atera hurbilduz joan dira. Abagune nabarmenenak Carlos Velak eta Agirretxek izan dituzte; hala ere, ez dute gol aukera argirik sortu. Norgehiagokako aukerarik argiena Griezmannek izan du 29. minutuan, baina edertki geratu du baloia Courtois atezainak.


Simeoneren mutilak kontraerasoan gogor aritu dira, baian Claudio Bravo atezain txuri-urdinak ez du aparteko arazorik izan. Aldageletara markagailuan 0-1 jartzen zuelarik joan dira.

Bigarren zatiko aurreneko minutuetan 0-2koa jarri du Adrianek. Atletico Madrilek taldeko jokaldi aparta egin du eskuineko hegaletik eta aurrelariak baloia sarera bidali du. Realak bigarren zatian izan duen aukerarik argiena Elustondok falta bat jaurti duenean izan da, baina baloia zuzenean kanpora joan da.

Partidako 81. minutan Falcaok gol bikaina sartu du Claudio Bravo gainetik gaindituz eta 0-3koa jarri du markagailuan. Txuri-urdinak erabat etsituta geratu dira eta partidako azken gola, 0-4koa, Falcaok egin du.

Fitxa teknikoa:
Reala: Bravo; Estrada (Diego Ifran, 73. minutuan), Demidov, Mikel Gonzalez, Cadamuro (Xabi Prieto, 59. minutuan); Elustondo, Aranburu, Zurutuza, Griezmann, Vela; Agirretxe (Llorente, 82. minutuan).
Atletico Madril: Courtois; Juanfran, Godín, Miranda, Filipe Luis; Gabi, Mario Suarez (Perea, 68. minutuan); Arda Turan (Assunçao, 87. minutuan), Diego (Koke, 79. minutuan), Adrian; Falcao
Golak: 0-1, 2. minutuan: Falcaok penaltiz. 0-2, 47. minutuan: Adrian. 0-3, 82. minutuan: Falcao. 0-4, 90. minutuan: Falcao.

No hay comentarios:

Publicar un comentario