Txuri-urdinek aukerak ondo aprobetxatu eta garaipen garrantzitsua lortu dute Rosaledan
Realak 1-2 irabazi du Malagaren kontra, Rosaledan. Txuri-urdinek hamar hilabete zeramatzaten etxetik kanpo garaipenik lortu gabe; horrela Montanierrek ere arnasa hartu du. Gipuzkoarrak aurpegi onena erakutsi dute eta Andaluziako taldeak ez du aukera handirik izan.
Reala oso ondo kokatuta zelairatu da, Montanierrek hamaikakoan egindako aldaketak nabarmenak izan dira. Ruben Pardok eta Ifranek hasierarik jokatu dute. Partida hasi bezain laster egin dute txuri-urdinek lehen gola. 'Chory' Castrok baloia zelai erdian lapurtu eta kontraerasoan azkar irten da. Carlos Velak lehen zutoinetik jaurtiketa egin eta 0-1ekoa jarri du markagailuan. Donostiarrak konfidantza hartu eta neurketa kontrolpean izatea lortu dute.
Montanierren gizonak oso ondo ari ziren, bain hanka-sartzea egin dute korner bat defendatzerakoan. Gaizki defendatu eta 37. minutuan Saviolak 1-1eko berdinketa jarri du Rosaledako markagailuan. Atsedenaldiaren ordua berdinketarekin iritsi da.
www.eitb.com |
Bigarren zatian ere Reala indartsu zelairatu da, Malagari partida zailduz. Horrela, 59. minutuan Malagako Onyewu atzelariak huts egin du baloia aldaratzean eta Xabi Prietoren oinetan geratu da. Donostiarrak ez du aukera alferrik galdu eta 1-2koa jarri du.
Ondorengo minutuetan norgehiagokak intentsitatea galdu du. Malagak gol aukera izan du Iscoren jaurtiketa batean, baina Reala defentsan ondo aritu da. Realaren 1-2ko garaipenarekin iritsi da partidaren amaiera.
Fitxa teknikoa:
Malaga: Caballero; Gamez (Iturra, 46. minutua), Onyewu, Weligton, Sergio Sanchez; Eliseu, Toulalan, Portillo (Santa Cruz, 61. minutua), Isco; Joaquin (Sebastian Fernandez, 73. minutua) eta Saviola.
Reala: Zubikarai; Carlos Martinez, Mikel Gonzalez, Iñigo Martinez, De la Bella; Ruben Pardo (Estrada, 90. minutua), Illarramendi, Xabi Prieto, Vela; Castro (Jose Angel, 69. minutua) eta Ifran (Agirretxe, 79. minutua).
Golak: 0-1, 1. minutua: Vela. 1-1, 37. minutua: Saviola. 1-2, 59. minutua: Xabi Prieto.
No hay comentarios:
Publicar un comentario