2012/11/01

Realak ezin izan du Kordobarekin (2-0)

Txuri-urdinei zail jarri zaie kanporaketa El Arcangel zelaian galdu ondoren

Realak ez du partida on bat jokatu Kordobaren aurka eta 2-0 galdu du Erregearen Kopako final-hamaseirenetako joaneko neurketan. Txuri-urdinek jasotako bi golak irauli beharko dituzte final-zortzirenak jokatu nahi badituzte.

Kordoba erasoan gogor sakatuz hasi da eta laugarren minutuan Patiñoren errematea gelditu behar izan du Zubikaraik esku bakarrarekin. Talde andaluziarra nagusi izan da, Vicok bi gol aukera argi izan ditu, baina huts egin du. Ondoren Montanierren mutilek partidaren kontrola bereganatu dute.

Realaren lehen aukera Ruben Pardok izan du falta jaurtiketa batean, baina Saizar atezainak ederki gelditu du. Ifranek ere aukera ona izan du 24. minutuan, baina ez du Kordobako ateziana gainditzerik izan. Lehenengo zatia amaitzear zela zuri-berdeak izan dira nagusi berriro eta 42. minutuan Patiñok 1-0koa jarri du markagailuan.

Bigarren zatiaren hasieran Donostiako taldeak aurpegi berria erakutsi du, baina ez dute gol aukera argirik sortu. Andaluziako taldeak pixkanaka neurketaren kontrola berreskuratu du eta txuri-urdinen intentsitateak nabarmen egin du behera. 


70. minutuan Diego Ifranek urruneko saiakera egin du, baina uruguaiarraren jaurtiketa zuzenean kanpora joan da. Norgehiagoka amaitzeko ordu laurden falta zenean, epaileak Ansotegik Vicori egindako penaltia adierazi du. Rennellak ez du hamaika metrotaik huts egin eta 2-0ekoa lortu du. Azken minutuetan Realak aukera batzuk izan ditu, baina Saizar atezainak gelditu erabakigarriak egin ditu. Neurketa 2-0eko markagailuarekin iritsi da amaierara.

Fitxa teknikoa:
Kordoba: Saizar; Fernandez, Kiko, Alberto Aguilar, Fuentes; Lopez Garai; Dubarbier, Caballero, Lopez Silva (Pedro, 86. minutua), Fede (Abel Gomez, 77. minutua); Patiño (Rennella, 72. minutua).

Reala: Zubikarai; Estrada, Ansotegi, Mikel González, Jose Angel; Ros, Ruben Pardo (Vela, 71. minutua), Illarramendi (Markel Bergara,  66. minutua); Xabi Prieto, "Chory" Castro; Ifran (Agirretxe, 79. minutua).

Golak: 1-0, 42. minutua: Patiño; 2-0, 76. minutua: Rennella (penaltiz).

No hay comentarios:

Publicar un comentario