2013/03/16

Oihane Pereak jantzi du 2013ko Arabako Bertsolari Txapelketako txapela

Aguraindarrak irabazi du Principal Antzokian jokatu den 2013ko Arabako Bertsolari Txapelketa 616 punturekin. Bigarren, Manex Agirre 606 punturekin.

Oihane Pereak hirugarrenez irabazi du Arabako Bertsolari Txapelketa (2007, 2009, 2013). Aguraindarrak 616 puntu lortu ditu, buruz burukoa Manex Agirrerekin jokatu ondoren; honek, 606 puntu lortu ditu. Ondoren, puntuazioaren arabera, Iñaki Viñaspre (411), Asier Otamendi (410,5), Ruben Sanchez (371) eta Jagoba Apaolaza (341) geratu dira hurrenez hurren.

www.arababertsozale.org
Bertsolariek finalean egin beharreko lana honako hau izan da: binaka, zortziko nagusian hiruna bertso; binaka, zortziko txikian hiruna bertso; banaka, bi punturi erantzuna zortziko txikian; binaka, hamarreko txikian hiruna bertso eta banaka, gaia emanda, bina bertso doinu eta neurri librean. 

Buruz burukoan, Pereak eta Agirrek egin beharreko lana hau izan da: binaka, sei puntuko motzean hiruna bertso eta kartzelan, banaka, gaia emanda, hiruna bertso doinu eta neurri librean. 

Abel Enbeita 
Arabako bertsogintzaren aitzindaria izan da Oihane Enbeitari, oso hunkituta zegoela, txapela janzteaz arduratu dena. Buruz burukoa jokatu duten Oihane Perea eta Manex Agirre, aurtengo udazkenean hasiko den Bertsolari Txapelketa Nagusian kantatzeko sailkatu dira.


Txapeldunaren agurra: 
Ekaitz ta Iratxe aipatu gabe
ez naiz joango inola.
Unai ta Oier, nere txikiak
a zelako merendola!
Talderik gabe bakarkakoak
ez du gehiegi axola
bonbo soinuak eta zuek jartzen
didazue borborka odola
hau ere bada zuena eta
lautadako bertso-eskola.

No hay comentarios:

Publicar un comentario