2013/03/16

Realak Valladolid jipoitu du Anoetan (4-1)

 Griezmann (2), Agirretxe eta Xabi Prieto izan dira goleatzaile txuri-urdinak

Realak aise irabazi du Anoetan Valladoliden aurka. Djukic-en gizonek ezer gutxi egin dute lehen zatian eta txuri-urdinek ederki baliatu dituzte aukerak. Dagoeneko hamar jardunaldi daramatza Realak galtzea zer den jakin gabe. Bihar Malaga eta Espanyolen arteko partidaren emaitzaren esperoan, Montanierren mutilek Txapeldunen Ligako postuetan igaroko dure gaua. 

Realak indartsu hasi du lehenengo zatia, izan ere, Valladolid ez da Bravoren atera hurbildu 25. minutua bete arte. Hala ere, nahiz eta txuri-urdinak jokoaren jabe izan, aurreneko minutuetan ez da gol aukerarik egon. 


Donostiarren lehen gola 33. minutuan izan da, Griezmannek Mikel jaurtiketa bat aprobetxatu du Reala markagailuan aurretik jartzeko. Sei minutu geroago, Agirretxek jaurtiketa bikain batekin baloia eskuadran jarri du 2-0ekoa eginez. 

Bigarren gola egin eta bost minututara, Griezmannek bere bigarren gola sartu du, frantziarraren kontrola eta jaurtiketa bikainak izan dira. Atsedenaldia heldu orduko, 3-0eko markagailuarekin, Montanierren mutilek partida erabakita utzi dute.

Bigarren zatia hasi bezain laster, 48. minutuan, Xabi Prietok 4-0ekoa egin du, jokaldi bikain bati amaiera ezin hobea emanez. Anoetako armailetan poza zen nagusi, gol gehiagoren zain. Valladolidek ez du amorerik eman eta Bravoren atera hurbiltzen saiatu da. Azkenean, partida amaitzear zela, 87. minutuan, Javi Guerrak 4-1ekoa egin du. 


Garaipen honi esker, laugarren postura igotzeaz gain, Reala Ligan gol gehien sartu dituen hirugarren taldea da, Bartzelonaren eta Real Madrilen atzetik. 


Fitxa teknikoa:
Reala: Bravo; Carlos Martinez (Estrada, 76 min), Mikel, Iñigo Martínez, De la Bella (Jose Angel, 65 min); Illarramendi, Zurutuza, Xabi Prieto (Pardo, 67 min); Vela, Griezmann eta Agirretxe.

Valladolid: Dani; Balenziaga, Rueda, Sereno, Rukavina; Rubio (Baraja, 83 min), Sastre, Omar, Oscar, Rama (Bueno, 54 min); Manucho (Guerra, 70 min).

Golak: 1-0, 33 min: Griezmann. 2-0, 39 min: Agirretxe. 3-0, 43 min: Griezmann. 4-0, 48 min: Xabi Prieto. 4-1, 87 min: Javi Guerra.

No hay comentarios:

Publicar un comentario