2013/01/06

Realak ezin izan dio bolada onari eutsi (4-3)


Xabi Prietok saririk gabeko hat-tricka lortu du Bernabeun
Txuri-urdinek ezin izan diote Real Madrileri irabazi partida zoro batean, beraz Montanierren mutilek porrot batekin hasi dute urte berria. Xabi Prietok hiru gol egin dizkio Mourinhoren taldeari, baina azkenean ez dute punturik lortzeko balio izan.
Partida hasi eta bigarren minutuan Benzemak 1-0ekoa egin du, Realari partida maldan gora jarriz. Kedhirak bikain jarri dio aurrelari frantziarrari eta honek ez du hutsik egin. Pozak ez dio asko iraun Madrilgo taldeari, izan ere Adanek penaltia egin dio Carlos Velari eta txartel gorria ikusi du atezainak. Mourinhok Callejon kendu du berdeguneetik eta Casillasek hartu du Adanek lekua. Xabi Prietok ez du penaltia huts egin eta 1-1ekoa jarri du. 
Berdinketa lortu eta gero Realak gora egin du eta Real Madril atzean sartuta egon da, baina 30. minuturik aurrera etxeko taldea aukerak sortzen hasi da. 34. minutuan Bravok gelditu erabakigarria egin du, baina hurrengo jokaldian txuri-urdinek defentsan kale egin dute eta Kedhirak 2-1ekoa egin du. 
Gola jaso arren Realak erasoan sakatzen jarraitu du eta Real Madrilek gola sartu eta bost minutu geroago Xabi Prietok 2-2ekoa jarri du. Casillasen aurrean bakarrik geratu da eta bikain gainditu du atezaina. Atsedenaldia iritsi baino lehen Benzemak izan du azken aukera, baina zutoinera bidali du jaurtiketa. Horrela, 2-2ko berdinketarekin iritsi da atsedenaldia. 

Bigarren zatiko lehen minutuetan berdinketa parekatuta egon da, baina laster hasi da Real Madril zelaian agintzen. Cristiano Ronaldok area kanpotik zenbait jaurtiketa egin ditu, baina kanpora joan dira. Mourinhoren taldea eroso sentitzen hasi da eta 65. minutuan Ronaldok ez du barkatu. Benzemaren pase eder bat aprobetxatuz 3-2koa egin du. Hiru minutu beranduago, Ronaldok 4-2koa sartu du faltaz. Bravoren akats bat egin eta gero, baloiak langa jo du eta barrura sartu da. 
Nahiz eta hiru minututan bi gol hartu Realak erasora jotzen jarraitu du eta 77. minutuan Xabi Prietok 4-3koa jarri du. Jokalari txuri-urdinak kontraerasoari amaiera bikain bat emanez hat-tricka lortu du. Partidako azken minutuetan Reala berdinketa lortzen saiatu den arren Real Madril izan da jaun eta jabe. 80. minutuan epaileak bigarren txartel horia erakutsi dio Dani Estradari Ronaldori egindako falta batengatik.  Amaierako minutuan, hamarna jokalarirekin aritu dira bi taldeak, baina ez da gol gehiagorik egon. 4-3ko porrotarekin, Realak ezin izan dio bolada onari segida eman. 


Fitxa teknikoa:
Real Madril: Adan (Casillas, 6. min; Essien, Varane, Carvalho, Arbeloa; Khedira, Xabi Alonso; Callejon, Özil (Modric, 85. min), Cristiano Ronaldo; eta Benzema (Higuaín, 74. min).

Reala: Bravo; Estrada, Mikel, Iñigo Martinez, De la Bella (Jose Angel, 83. min); Rubén Pardo, Zurutuza (Elustondo, 73. min); Vela, Xabi Prieto, Griezmann; eta Ifran (Chori Castro, 57. min)

Golak: 1-0, 2. min: Benzema. 1-1, 9. min: Xabi Prieto, penaltiz. 2-1, 35. min: Khedira. 2-2, 40. min: Xabi Prieto. 3-2, 67. min: Cristiano Ronaldo. 4-2, 71. min: Cristiano Ronaldo. 4-3, 76. min: Xabi Prieto.

No hay comentarios:

Publicar un comentario