Gorritxoek irabazi dute Nafarroako Erresuman Ibrahimak 13. minutuan sartutako golari esker.
Realak ez du hiru puntuak lortzeko aukerarik izan Iruñean 1-0 galdu ondoren. Osasunak Europa Ligan jokatzeko aukerekin jarraitzen du gaurko partida irabazi ondoren. Etxekoek errentagarritasun handia atera diote partidaren hasieran sartutako golari. Hala ere, Montanierren mutilak gehiago izan dira bigarren zatian, baian ez dute merezi zuten berdinketako gola egin.
Lehen minutuetan Osasuna Reala baino gogotsuago egon da berdegunean eta lehen minutuan gorritxoek aukera argiak izan dituzte. 8. minutuan Cejudok jaurtiketa gogorra egin du, baina Bravok ederki desbideratu du kornerrera. Mendilibarren mutilek erasoan jarraitu dute eta 13. minutuan Ibrahimak 1-0ekoa egin du. Aurrelariak hiru saiakera egin behar izan ditu txiletarra gainditzeko.
Erantzuten saiatu dira txuri-urdinak, baina ez dute abagune argirik izan. Aukera onena Ifranek izan du falta jaurtiketa baten, baina jaurtiketa Andrés Fernandezek desbideratu du. Osasunak bigarren gola lortzeko aukera izan du 21. minutuan, baina Bravok Nekounamen jaurtiketa gelditu du. Realaren aukera garbirik gabe iritsi da lehenengo zatiaren amaiera.
Bigarren zatiaren hasieran gorritxoek bigarrena egiteko aukera ugari izan dituzte, baina Claudio Bravok erakustaldi izugarria eman du. Atezain txuri-urdinak Ibrahimaren jaurtiketa ederki desbideratu du 54. minutuan eta Ninoren errematea gelditu batekin kanpora bidali du 57. minutuan.
Realak ez du erasoan asmatu eta Osasuna erosoago egon da zelaian, baina Bravok arazorik gabe geltidu du 70. minutuan Raúl Garciaren errematea. Montanierren mutilek bigarren zatiko azkenengo minutuetan norgehiagokako minutu onenak jokatu dituzte, baina ez dute berdinketa lortzerik izan. aukera onena Ion Ansotegik izan du, baina errematea langa gainetik kanpora joan da. 1-0ko markagailuarekin heldu da neurketaren amaiera.
Osasuna: Andres Fernandez; Marc Bertran, Lolo (Ruben, 41. minutuan), Miguel Flaño, Satrustegui; Puñal, Nekounam; Cejudo (Raoul Loe, 83. minutuan), Raul Garcia, Nino (Lamah, 77. minutuan); eta Ibrahima.
Reala: Bravo; Estrada (Llorente, 76. minutuan), Ansotegi, Demidov, De la Bella; Elustondo (Agirretxe, 66. minutuan); Xabi Prieto, Zurutuza, Aranburu, Vela; eta Ifran (Griezmann, 63. minutuan).
Gola: 1-0, 13. minutuan: Ibrahima.
No hay comentarios:
Publicar un comentario