2012/05/02

Puntu bat lortu du Realak partida ona jokatu ondoren

Atleticok, gauza handirik egin gabe, aurrea hartu du markagailuan bigarren zatian. Ondoren epaileak Gabi egotzi du eta Realak erasora jo du. Azkenean, luzapenean berdinketa lortu dute Montanierren mutilek.

Realak 1-1eko berdinketa lortu du gaur Vicente Calderon estadioan Atlético Madrilen aurka. Aurreneko minutuetan bai Reala eta bai Atletico Madril ez dira partidaren bila zelairatu eta ez da aukera argirik egon. Bigarren zatian, zuri-gorriek aurrea hartu dute eta luzapenean berdintzea lortu dute donostiarrek.

Lehen zatian ez da ezer berezirik gertatu, Reala ondo jarrita berdeguneratu da eta ez da arriskurik egon Claudio Bravoren atean. Txuri-urdinak erasokor egon dira, baina ez dute gol aukera askorik sortu. Lehen zatiko azken minutuak iritsi direnean, Illarrak jaurtiketa gurutzatua egin du area barruan, baina kanpora joan da atzelari batek ukitu ondoren. Horrela, golik gabe amaitu da lehen zatia.



Bigarren zatiko lehen minutuetan Agirretxek aukera garbia izan du. Aurrelariak kale egin du Zurutuzaren erdiraketa bokaina jaso ostean. Minutuak aurrera joan ahala, Simeoneren mutilek hobera egin dute eta 54. minutuan Gabik jaurtiketa bikaina egin du eta zutoinaren ondoteik baloia Bravoren atean sartu da.

Gabi neurketako protagonista bilakatu da berriro 74.minutuan, epaileak erdilaria egotzi du bigarren txartel horia aterata. Gertaera erabakigarria izan da partida, izan ere, horren ondoren txuri-urdinek erasora jo dute, berdinketaren bila. 91. minutuan Velak Juanfranen eta Courtoisen zalantzak aprobetxatu eta berdinketa jarri du markagailuan. Berdinketa honekin, Atlético Txapeldunen Ligako postuetatik urrun utzi du Realak.



Fitxa teknikoa:
Atletico Madril: Courtois; Juanfran, Miranda, Dominguez, Filipe Luis; Mario Suarez, Gabi; Arda Turan (Salvio, 56. minutua), Koke; Adrian (Diego, 77. minutua) eta Falcao (Godin, 87. minutua).
Reala: Bravo; Carlos Martinez, Demidov, Mikel Gonzalez, Cadamuro; Elustondo, Zurutuza, Illarramendi (Llorente, 77. minutua), Xabi Prieto; Griezmann (Vela, 80. minutua) eta Agirretxe (Ifran, 59. minutua).

Golak: 1-0, 54. minutua, Gabi. 1-1, 91. minutua, Vela

No hay comentarios:

Publicar un comentario