Gaur gabon gaua da, eguberrietan gaude eta dena ederra dela dirudi. Niri gabonak gustatzen zaizkit, zertarako engainatu nire burua? Badakit kontsumismoa dela nagusi urteko garai honetan (komunikabideek egunero gogorarazten didate kontrakoa bultzatzen duten bitartean), baina nik kontrako efektu baten antzeko zerbait sentitzen dut. Gabonak gustatzea da lehengo fasea, bigarrena kontsumismoz estalita daudelako gorroto izatea eta nik hirugarren bat sentitzen dut, hau da, badakit eguberrien inguruko publizitate guztiak manipulatu egiten gaituela, baina egia esan berdin zait. Garai hauetan zoriontsu sentitzen naiz; gabonetako apaingarriak, argiak eta lelokeria guzti horiek atsegin ditut.
Ez zait ezer falta, agian hori izango da arazoa. Aldizkari batean irakurri nuen garai hauetan depresio kasuak %40ko igoera dutela. Nostalgia izan daiteke sentzazio ugarienetako bat, nik ere sentitzen dut, baina ez lur jota gelditzeko adina. Gogorra izan behar du gabonak horrela bizitzea; jendea baturik ikustea eta telebistan familia zoriontsuen aurpegi txatxuak ikustea ez da samurra izan behar zuk horrelako bizitza "paregaberik" ez duzunean.
Txarto sentitzen naiz gabonak gogoko ditudalako, eta batez ere, beldur handi bat dago nire barrenean: baliteke egunen baten eguberri hauek depresio bat eragitea nostalgia dela eta.
No hay comentarios:
Publicar un comentario