Aitor Sarriegik joan den igandean aurkitu zuen G·puntua eta seguru nago oraindik ere ez zaizkiola amaitu aurkikuntza horrek eragindako sentzazioak. Illunben egon ginen 10.000 bertsozaleok zuzenean entzun genuen Inaxio Usarralderen ahotik nor zen txapeldun berria: "1.051 punturekin 2011ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan txapeldun: Aitor Sarriegi!!". Ez emozionatzea oso zaila izanik, txapelduna malkoak isurtzeko puntuan egon zen.
Aste bete pasatu da, eta gai-jartzailearen ahotsa oraindik ere burmuinean bueltan izango duelakoan nago. Txapela eramateak badu bere pisua ere eta erantzukizun handia dakar berarekin, baina ziur nago Aitorrek ez duela hutsik egingo.
Beste zazpiek ere ez zuten lan makala egin, txalotzekoa da bereziki Alaia Martinek eta Iñaki Apalategik erakutsitako maila. Bertsozaleon zorionerako bertsolari gazte asko ikusten dira plazetako oholtzetan, eta horrek bertsolaritzaren etorkizun oparoa agerian uzten du.
Ostiralean, Berria egunkarian, erabiltzaileen galderak erantzun zituen Gipuzkoako Txapeldunak eta nik ere ez nuen aukera hori galdu nahi izan. Horretaz gain, atzo ETB1-ek emandako Hitzetik Hortzera programako protagonista ere izan zen.
Zorionak Aitor! Jarraitu G·puntuaz gozatzen! Plazan elkartuko gara!
www.gpuntua.com |
No hay comentarios:
Publicar un comentario