Anboto astekari, orainkari eta irratia
Eraz astekariaren 0 zenbakia 1993ko apirilaren 23an argitaratu zen, geroztik 8 urte eman zituen durangaldeko hainbat eta hainbat etxetan. 2001eko azaroan Anboto-k Eraz-en lekukoa hartu zuen, astekariaren formatua eta edukia ere aldatuz.
2001eko azaroaren 1ean, Anboto-ren 0 zenbakia kaleratu zenean, durangaldeko astekaria formari dagokionez aldatu zen; Eraz-ek aldizkari itxura zeukan eta Anboto-k berriz egunkari batena. Horretaz gain, Joseba Derteano Anboto-ko zuzendariak esan duenez edukiz ere aldatu zen astekaria: “Eraz-en erreportajeak egiten ziren eta gai orokorragoak lantzen ziren. Anboto-k eskualdeko herri guztietako albisteak lantzen ditu, esaterako. Tokian-tokiko informaziora hurreratzeko urratsa eman zen”.
Anboto sortu zenean 11 herritara heltzen zen astekaria: Durango, Berriz, Abadiño, Zaldibar, Mañaria, Elorrio, Iurreta, Atxondo, Izurtza, Garai eta Otxandiora hain zuzen ere, baina 2008ko azaroan Anboto Mallabiara hedatu zen. Derteanok jakinarazi duenez, 10000 pertsonen etxeetara iristen da ostiralero dohako astekari hau eta etxean jasotzeko nahikoa da email bat bidaltzea izen-abizenak eta helbidea jarriz. Anboto-ren egoitza Iurretan dago kokatuta gaur egun
.
2003ko irailaren 19an anboto.org webgunea sortu zen, astekaria orainkari ere bihurtuz. “Albisteak sortzen diren heinean jakinarazteko bidea ematen digu eta testuak ez ezik argazki galeriak eta bideoak sartzen ditugu”, esan du Derteanok webguneari buruz. Interneten eta astekarian idazten duten kazetariak berdinak direla ere esan zuen zuzendariak, “Webgunea kudeatzen duen lagun bat dugu eta hark ez du askorik idazten astekarian, baina zer edo zer bai. Bere ardura nagusia webguneko elementu guztiak kontrolatzea eta eguneratuta izatea da; albisteak ere idazten ditu momentuan gertatutakoak badira. Baina, oro har, astekariko albisteak aprobetxatzen dira; eta alderantziz, webgunean idatzitakoak ere bai astekarirako”.
2006ko urrian webguneari beste programazio bat eta beste egitura bat eman zioten, eduki berriak landuz, eta urte bereko abenduan Anboto irratia durangalde osora zabaldu zen, FMko 99.0 frekuentziaren bitartez. Radio Data System teknologiari esker, irrati digitaletan agertzen da. Beraz, gaur egun Anboto-k hiru euskarritan zabaltzen du informazioa: prentsa idatzian, irratian eta interneten.
Zuzendariak krisia igartzen dela esan du, hala nola, publizitatean zein erakundeetatik jasotako diru-laguntzetan. “Horregatik, beste diru iturri batzuk bilatzea ezinbestekoa da; gidak, esaterako. Bestela, durangaldean jende askok ezagutzen du Anboto eta herritarren etxeetan apurka sartzen asmatu dugula uste dugu”, gaineratu du Derteanok.
Amaia Ugalde Anboto-ko kazetarietako bat da, berak esan duenez ostegun eguerdirako albisteak idaztea “tetrix” antzeko bat izaten da eta interneten idazteak abantailak dituela aipatu du: “Karaktere konkretu batzuk, espazio bat edukitzea niretzako behintzat sarri burukominak ematen dizkidan zerbait da. Interneterako idazten hasten banaiz, gauzak ahalik eta zehatzen eta garbien idatzi behar ditudala badakit, baina azalpenak emateko leku gehiago izate horrek, muga gabe egote horrek, lasaitu egiten nau”. Anboto-ren kasuan prentsa idatziak internetek baino pisu gehiago duela ere adierazi du kazetariak: “Gurean erreferentzialena den euskarria paperezkoa da oraindik. Hasierako produktua hori izan zen, eta ostiralero jendeak etxean orainkaria jasotzea espero du. Hori bai, idatzizko prentsaren formatua aldatu beharko da, eta horretan gabiltza, gero eta garrantzia gehiago dauka begietatik sartzen denak testu hutsak baino”.
“Gurean erreferentzialena den euskarria paperezkoa da oraindik”
Amaia Ugalde. Anboto-ko kazetaria.
Tokikoen gertutasuna
Amaia Ugaldek tokikoen abantaila nagusia gertutasuna dela eta astero denei lekua ematen eta herri guztietako kontuak Anboto-n sartzen ahalegintzen direla esan du. “Herritarrengana jotzen dugu galdezka, eta beraiek ere badatoz informazioa ematera. Feed-back delako hori jasotzea nazio mailako hedabideetan baino errazagoa da tokikoetan, bata-bestearengatik gertuago sentitzen garelako”, gainaratu du Ugaldek.
Ugaldek herri mailan gertatzen diren kontuen berri emateak duen garrantzia ere azpimarratu du: “Herri mugimenduentzako, esaterako, premiazko bozgorailuak dira tokiko hedabideak. Herrigintza, aisialdia, kultura edota kirolaren arloan gauza asko esateko daukan jendea bizi da eskualdean, eta horrek bideratzeko eta horren berri edukitzeko tresna egokiak dira Anboto bezalako hedabideak”. Batzutan nahi baino toki gutxiago edukitzea herritarrek egiten edo esaten dituzten gauzak idazteko ere pena bat dela esan du kazetariak.
Kirola tokiko hedabideetan
Markel Onaindia Anboto-ko kirol-kazetaria da eta esan duenez gero eta errazagoa da tokiko kirolari buruzko informazioa jasotzea: “Herri edo eskualde mailako zenbait kirol taldek oraindik ez dute barneratuta egiten dutenaz informatzea, baina gero eta gehiago dira webak dituztenak edo mezu elektronikoak bidaltzen dituztenak. Bestalde, klubetako jendearekin nahiz kirolariekin kontaktuak eginda izanez gero ez da hain zaila informazioa lortzea”.
“Klubetako jendearekin bahiz kirolariekin kontaktuak eginda izanez gero ez da hain zaila informazioa lortzea”
Markel Onaindia. Anboto-ko kirol-kazetaria.
Anboto-ren kasuan, 24 orrialdetik 3 hartzen ditu kirolak eta Onaindiak esan duenez kontuan izan behar da herrietan hainbat talde eta kirolari daudela, eta horren berri tokiko hedabideek ez badute ematen, egunkari naizonalek ez dutela emango. “Herrietan badago eliteko kirolaz aparte afizionatu mailakoaz interesatzen den jenderik”, azpiamarratu du kirol-kazetariak.