2011/12/31

Urteko azken eguna

Abenduaren 31, urteko azken eguna heldu da berriz ere, ematen du atzo ospatu genuela 2010ekoa. Nik ere ospatu egiten dut gaurko eguna, baina ez dit ilusio handiegirik egiten egia esan. Zer dago ospatzeko? Urte bat gehiago pasatu dela eta bizirik jarraitzen dugula? Hala bada, hobe dugu aurten ezer ez ospatzea, 2012ak munduaren amaiera ekarriko duela dabil hortik bolo-bolo eta. Nik ez dut gauza horietan sinesten, baina besteetan ere ez. Ez dut uste ospatzekoa denik urte berrian sartzea, ez dut uste gaurko eguna eta biharkoa oso desberdinak izango direnik.

Agian bai, desberdinak izango dira. Gaur ospakizun eguna da eta bihar izango dira komeriak. Biharamunarekin egongo gara mundu erdia baino gehiago, eta errealitate krudela gure atzetik oihuka etorriko da zein txarto gauden gogoraraziz. Egoerak hobera egingo ez duela jakinda, 2012ari osasuna eskatzea besterik ez zaigu geratzen.

Urte berri on!

2011/12/29

Mañu for president

Gregorio Larrañagari (Mañurkota) tarte bat eskeiniko diot gaurkoan. Gehienok jakingo duzuenez Markina-Xemeingo bertsolaria dugu Mañu. Bere ezizena baserriaren izenetik dator, bertan jaio bait zen orain dela 68 urte.

Zergaitik otu zait Mañuri buruz idaztea? Erantzun erraza du horrek. Aurten ere ezin izan naiz joan Zarauzko Putzuzulo gaztetxean abenduan ospatzen den Kopla Txapelketara. Hala ere, sarean bideoak ikusteko aukera izan dut. Oraindik ez dute saio oso eskegi, baina bai buruz burukoa. Azken txanparaino heldu zirenak Mañu eta Beñat Gaztelumendi izan ziren; bidean geratu zirenak, aldiz, Oier Aizpurua, Amets Arzallus (iazko txapelduna), Aitzol Barandiaran, Oihana Bartra, Alaia Martin, Izar Mendiguren, Maindi Murua eta Oskar Estanga.

Bideoa jarri orduko barrez lehertu naiz gure Mañurekin, azkenean Beñatek irabazi bazuen ere, Markinarrak eragiten dituen barre algarek ez dute preziorik. Ez dut zuzenean kantatzen askotan entzun, baina entzun dudanetan irrifar batekin itzuli naiz etxera. Plazetan bera bezalakoen falta sumatzen da, etxean egindako bertsolariena alegia.

Eskerrik asko Mañu!

Mañu eta Irazu Iraetan (2008)

2011/12/28

Durangaldeko astekariaren ibilbide luzea

Anboto astekari, orainkari eta irratia

Eraz astekariaren 0 zenbakia 1993ko apirilaren 23an argitaratu zen, geroztik 8 urte eman zituen durangaldeko hainbat eta hainbat etxetan. 2001eko azaroan Anboto-k Eraz-en lekukoa hartu zuen, astekariaren formatua eta edukia ere aldatuz.

2001eko azaroaren 1ean, Anboto-ren 0 zenbakia kaleratu zenean, durangaldeko astekaria formari dagokionez aldatu zen; Eraz-ek aldizkari itxura zeukan eta Anboto-k berriz egunkari batena. Horretaz gain, Joseba Derteano Anboto-ko zuzendariak esan duenez edukiz ere aldatu zen astekaria: “Eraz-en erreportajeak egiten ziren eta gai orokorragoak lantzen ziren. Anboto-k eskualdeko herri guztietako albisteak lantzen ditu, esaterako. Tokian-tokiko informaziora hurreratzeko urratsa eman zen”.

Anboto sortu zenean 11 herritara heltzen zen astekaria: Durango, Berriz, Abadiño, Zaldibar, Mañaria, Elorrio, Iurreta, Atxondo, Izurtza, Garai eta Otxandiora hain zuzen ere, baina 2008ko azaroan Anboto Mallabiara hedatu zen. Derteanok jakinarazi duenez, 10000 pertsonen etxeetara iristen da ostiralero dohako astekari hau eta etxean jasotzeko nahikoa da email bat bidaltzea izen-abizenak eta helbidea jarriz. Anboto-ren egoitza Iurretan dago kokatuta gaur egun
.
2003ko irailaren 19an anboto.org webgunea sortu zen, astekaria orainkari ere bihurtuz. “Albisteak sortzen diren heinean jakinarazteko bidea ematen digu eta testuak ez ezik argazki galeriak eta bideoak sartzen ditugu”, esan du Derteanok webguneari buruz. Interneten eta astekarian idazten duten kazetariak berdinak direla ere esan zuen zuzendariak, “Webgunea kudeatzen duen lagun bat dugu eta hark ez du askorik idazten astekarian, baina zer edo zer bai. Bere ardura nagusia webguneko elementu guztiak kontrolatzea eta eguneratuta izatea da; albisteak ere idazten ditu momentuan gertatutakoak badira. Baina, oro har, astekariko albisteak aprobetxatzen dira; eta alderantziz, webgunean idatzitakoak ere bai astekarirako”.

2006ko urrian webguneari beste programazio bat eta beste egitura bat eman zioten, eduki berriak landuz, eta urte bereko abenduan Anboto irratia durangalde osora zabaldu zen, FMko 99.0 frekuentziaren bitartez. Radio Data System teknologiari esker, irrati digitaletan agertzen da. Beraz, gaur egun Anboto-k hiru euskarritan zabaltzen du informazioa: prentsa idatzian, irratian eta interneten.

Zuzendariak krisia igartzen dela esan du, hala nola, publizitatean zein erakundeetatik jasotako diru-laguntzetan. “Horregatik, beste diru iturri batzuk bilatzea ezinbestekoa da; gidak, esaterako. Bestela, durangaldean jende askok ezagutzen du Anboto eta herritarren etxeetan apurka sartzen asmatu dugula uste dugu”, gaineratu du Derteanok.

Amaia Ugalde Anboto-ko kazetarietako bat da, berak esan duenez ostegun eguerdirako albisteak idaztea “tetrix” antzeko bat izaten da eta interneten idazteak abantailak dituela aipatu du: “Karaktere konkretu batzuk, espazio bat edukitzea niretzako behintzat sarri burukominak ematen dizkidan zerbait da. Interneterako idazten hasten banaiz, gauzak ahalik eta zehatzen eta garbien idatzi behar ditudala badakit, baina azalpenak emateko leku gehiago izate horrek, muga gabe egote horrek, lasaitu egiten nau”. Anboto-ren kasuan prentsa idatziak internetek baino pisu gehiago duela ere adierazi du kazetariak: “Gurean erreferentzialena den euskarria paperezkoa da oraindik. Hasierako produktua hori izan zen, eta ostiralero jendeak etxean orainkaria jasotzea espero du. Hori bai, idatzizko prentsaren formatua aldatu beharko da, eta horretan gabiltza, gero eta garrantzia gehiago dauka begietatik sartzen denak testu hutsak baino”.

“Gurean erreferentzialena den euskarria paperezkoa da oraindik”
Amaia Ugalde. Anboto-ko kazetaria.

Tokikoen gertutasuna
Amaia Ugaldek tokikoen abantaila nagusia gertutasuna dela eta astero denei lekua ematen eta herri guztietako kontuak Anboto-n sartzen ahalegintzen direla esan du. “Herritarrengana jotzen dugu galdezka, eta beraiek ere badatoz informazioa ematera. Feed-back delako hori jasotzea nazio mailako hedabideetan baino errazagoa da tokikoetan, bata-bestearengatik gertuago sentitzen garelako”, gainaratu du Ugaldek.
Ugaldek herri mailan gertatzen diren kontuen berri emateak duen garrantzia ere azpimarratu du: “Herri mugimenduentzako, esaterako, premiazko bozgorailuak dira tokiko hedabideak. Herrigintza, aisialdia, kultura edota kirolaren arloan gauza asko esateko daukan jendea bizi da eskualdean, eta horrek bideratzeko eta horren berri edukitzeko tresna egokiak dira Anboto bezalako hedabideak”. Batzutan nahi baino toki gutxiago edukitzea herritarrek egiten edo esaten dituzten gauzak idazteko ere pena bat dela esan du kazetariak.

Kirola tokiko hedabideetan
Markel Onaindia Anboto-ko kirol-kazetaria da eta esan duenez gero eta errazagoa da tokiko kirolari buruzko informazioa jasotzea: “Herri edo eskualde mailako zenbait kirol taldek oraindik ez dute barneratuta egiten dutenaz informatzea, baina gero eta gehiago dira webak dituztenak edo mezu elektronikoak bidaltzen dituztenak. Bestalde, klubetako jendearekin nahiz kirolariekin kontaktuak eginda izanez gero ez da hain zaila informazioa lortzea”.

“Klubetako jendearekin bahiz kirolariekin kontaktuak eginda izanez gero ez da hain zaila informazioa lortzea”
Markel Onaindia. Anboto-ko kirol-kazetaria.

Anboto-ren kasuan, 24 orrialdetik 3 hartzen ditu kirolak eta Onaindiak esan duenez kontuan izan behar da herrietan hainbat talde eta kirolari daudela, eta horren berri tokiko hedabideek ez badute ematen, egunkari naizonalek ez dutela emango. “Herrietan badago eliteko kirolaz aparte afizionatu mailakoaz interesatzen den jenderik”, azpiamarratu du kirol-kazetariak.

2011/12/27

Xabi Prietok eta Gorka Elustondok kontratuak berritu diztuzte

Egun ona izan zen atzokoa errealzaleontzat, gure jokalaririk onenetariko bat, Xabi Prieto, bost urte gehiago izango dugu gure artean. Jokalari donostiarraren kontratua 2013ko ekainean amaitzen zen, baina Realarekin akordio batera heldu ondoren 2017ko ekainerarte luzatu du kontratua. 28 urte ditu orain Xabi Prietok eta 2017an, kontratua amaitzerakoan, 34 urte betetzear (abuztuaren 23an) izango lituzke, "Realean erretiratzea gustatuko litzaidake, eta gaur amets hori betetzeko pausu bat eman dut" izan dira jokalariak esandako hitzetako batzuk.

Lehen taldearekin 2003ko urrian debutatu zuen Erregearen Kopako Oviedoren aurkako partidan. Ordutik, 269 partidu jokatuta eta 40 gol sartuta taldearentzako ezinbesteko jokalari bihurtu da. Lorenzo Juarrosek "Loren", taldeko kirol zuzendariak, taldeetako estandarteetako bat dela azpimarratu du. Ziur nago taldean jarraituko dituen beste 5 urteetan hainbat momentu on eta beste gol asko oparituko dizkigula.

Xabi Prieto ez da kontratua berritu duen bakarra izan, Gorka Elustondok ere kontratua luzatu du 2015. urtera arte. Hiru urte gehiago emango ditu taldean erdilari beasaindarrak. Kontratua 2013ko ekainean bukatzen zitzaion, baina Realak konfiantza erakutsi nahi izan dio kontratuaren berrikuntza honekin.

2011/12/26

Euskal Selekzioaren gabonetako partidarako dena prest

www.eitb.com
Hurbiltzen ari da ia urtero gure selekzioak gabonetan jokatzen duen lagunarteko partida. Aurten Tunisia izango da aurkaria eta San Mames leporaino betetzea ez da harritzekoa izango. Abenduaren 28an jokatuko da eta ETB1-ek zuzenean eskainiko du 20:45etatik aurrera, EiTBren webgunean ere partida streaming bidez jarraitzeko aukera izango da.

Jose Maria Amorrortuk eta Mikel Etxarrik 23 jokalari deitu dituzte partida jokatzeko. Deituta daudenetatik Gabilondo da partida gehienetan egon dena (11 deialdi). 5 dira deialdian lehengo aldiz sartu direnak: Carlos eta Iñigo Martínez, Aurtenetxe, Beñat eta Mikel Rico.

Aurten Euskal Selekzioak 9 talde desberdinetako jokalariak bildu ditu:
  • Athletic Club: Iraizoz, Iraola, San Jose, Amorebieta, Aurtenetxe, Susaeta, Gabilondo, Iturraspe, Toquero
  • Real Sociedad: Carlos Martínez, Iñigo Martínez, Mikel González, Aranburu, Zurutuza, Xabi Prieto, Agirretxe
  • Osasuna: Riesgo
  • Real Madrid: Xabi Alonso
  • Valencia: Aduriz
  • Granada: Mikel Rico
  • Betis: Beñat
  • Levante: Barkero
  • Tolouse: "Pantxi" Sirieix
Gauzak horrela, 7 dira iaz Venezuelaren aurkako partidan presente egon zirenak eta aurten bertan egongo ez direnak: Koikili, Javi Martínez, Muniain, Gurpegi, Ion Ansotegi, Joseba Llorente eta Oier Sanjurjo.
Jokalariek abenduaren 27an arratsaldeko 17:00etan dute hitzordua Lezaman partidaren aurreko prestaketak egiteko.

2011/12/25

Aitor Sarriegiren orgasmorik luzeena

Aitor Sarriegik joan den igandean aurkitu zuen G·puntua eta seguru nago oraindik ere ez zaizkiola amaitu aurkikuntza horrek eragindako sentzazioak. Illunben egon ginen 10.000 bertsozaleok zuzenean entzun genuen Inaxio Usarralderen ahotik nor zen txapeldun berria: "1.051 punturekin 2011ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan txapeldun: Aitor Sarriegi!!". Ez emozionatzea oso zaila izanik, txapelduna malkoak isurtzeko puntuan egon zen.

Aste bete pasatu da, eta gai-jartzailearen ahotsa oraindik ere burmuinean bueltan izango duelakoan nago. Txapela eramateak badu bere pisua ere eta erantzukizun handia dakar berarekin, baina ziur nago Aitorrek ez duela hutsik egingo.

Beste zazpiek ere ez zuten lan makala egin, txalotzekoa da bereziki Alaia Martinek eta Iñaki Apalategik erakutsitako maila. Bertsozaleon zorionerako bertsolari gazte asko ikusten dira plazetako oholtzetan, eta horrek bertsolaritzaren etorkizun oparoa agerian uzten du.

Ostiralean, Berria egunkarian, erabiltzaileen galderak erantzun zituen Gipuzkoako Txapeldunak eta nik ere ez nuen aukera hori galdu nahi izan. Horretaz gain, atzo ETB1-ek emandako Hitzetik Hortzera programako protagonista ere izan zen.

Zorionak Aitor! Jarraitu G·puntuaz gozatzen! Plazan elkartuko gara!

www.gpuntua.com

Opariak

Juaris25
Pasatu da 2011ko gabon gaua, atzo bapo afaldu eta gero urte bete itxaron beharko dugu hurrengo gabon gaua ospatzeko. Etxeko txikienek (eta horren txikiak ez direnek ere) gustoko dute abenduaren 25 hau. Olentzero bere pipa eta zakuarekin Euskal Herriko etxe askotatik pasatu da gau hotz honetan.
Ohetik jeiki eta zuhaitz azpiko opariak ikustean, galdera bat etorri zait burura: zenbat paper gastatzen ote da gabonetako opariak biltzen? Gure etxean beti egon da ohitura berezi bat, erabat debekatuta dago oparietako papera apurtzea, gorde eta denda batzuetan biltzen ez dituzten opariak biltzeko erabiltzen da.

Txikitatik ohitura hori hartuta, norbait papera puskatzen ikustean ezin naiteke isilik geratu.

2011/12/24

Gabon gaua

Gaur gabon gaua da, eguberrietan gaude eta dena ederra dela dirudi. Niri gabonak gustatzen zaizkit, zertarako engainatu nire burua? Badakit kontsumismoa dela nagusi urteko garai honetan (komunikabideek egunero gogorarazten didate kontrakoa bultzatzen duten bitartean), baina nik kontrako efektu baten antzeko zerbait sentitzen dut. Gabonak gustatzea da lehengo fasea, bigarrena kontsumismoz estalita daudelako gorroto izatea eta nik hirugarren bat sentitzen dut, hau da, badakit eguberrien inguruko publizitate guztiak manipulatu egiten gaituela, baina egia esan berdin zait. Garai hauetan zoriontsu sentitzen naiz; gabonetako apaingarriak, argiak eta lelokeria guzti horiek atsegin ditut.

Ez zait ezer falta, agian hori izango da arazoa. Aldizkari batean irakurri nuen garai hauetan depresio kasuak %40ko igoera dutela. Nostalgia izan daiteke sentzazio ugarienetako bat, nik ere sentitzen dut, baina ez lur jota gelditzeko adina. Gogorra izan behar du gabonak horrela bizitzea; jendea baturik ikustea eta telebistan familia zoriontsuen aurpegi txatxuak ikustea ez da samurra izan behar zuk horrelako bizitza "paregaberik" ez duzunean.

Txarto sentitzen naiz gabonak gogoko ditudalako, eta batez ere, beldur handi bat dago nire barrenean: baliteke egunen baten eguberri hauek depresio bat eragitea nostalgia dela eta.

Askatasunaz gozatuz

Aupa denoi!

Hau ez da nire lehenengo bloga, ezta gutxiagorik ere. Beste hiru blog ere baditut, musikaren ingurukoa lehenengoa; bertsolaritzari buruzkoa bigarrena eta hirugarrena, politikaren inguruko erreportai, kronika, zein albisteak biltzen dituena.

Ez dut beraietan idazten jarraitzen, horregatik erabaki dut laugarren hau hastea. Gai libreei buruz idaztea da nire nahia, edozein kazetaritza genero jorratuz, inolako mugarik jarri gabe. Kirola, politika, kultura, ekonomia, Euskal Herria, mundua edota bizitza beraren inguruko sarrerak aurki ditzakezue bertan (aspertzen naizen arte, noski).

Kazetaritza ikasten hasi nintzenetik asko baloratzen dudan ezaugarria da askatasuna. Askoz zailagoa da kazetaritza ona egitea mugak jartzen dizkizutenean. Estilo librea dut gogoko, nire estiloa. Ez dakit idazten dudana ona edo txarra izango den, baina gustora sentitzen naiz eta suposatzen dut hori dela garrantzitsuena.

Espero dut idatzitakoarekin gozatzea!