2013/05/18

Pausu bat gehiago Txapeldunen Ligarantza (1-2)

Realak urrezko garaipena lortu du Sevillaren aurka

Txuri-urdinek Sanchez Pizjuan zelaian Sevillaren aurka 1-2 irabazi ondoren, datorren denboraldian Txapeldunen Ligan jokatzea ahalbidetzen duen laugarren postuan jarraitzen dute. Valentziak ez du Getaferen aurrean hutsik egin eta 0-1 irabazi du. Beraz, bi taldeak puntuetara berdinduta daude, baina averagea donostiarren aldekoa da. 

Partida bizi hasi da eta lehenengo gola 9. minutuan heldu da. Rakiticek Bravo ederki gainditu eta Sevilla markagailuan aurretik jartzea lortu du (1-0). Bigarren gola ere Kroaziarrak egin du, baina oraingoan atez erratu eta nahigabe Realarentzat egin du gola, markagailuan 1-1eko berdinketa ezarriz. 

Txuri-urdinek bigarrena egin nahi izan dute kosta ala kosta eta 24. minutuan Agirretxek 1-2koa egitea lortu du. Carlos Martinezen erdiraketa bat ederki aprobetxatu du usurbildarrak eta Betok ezin izan du baloia desbideratu. Ondoren, Rakitic beste gol bat egiteko zorian egon da, baina Claudio Bravok bikain gelditu du baloia. 33. minutuan, Agirretxek aukera argia izan du, baina Sevillako atezainak kornerrera bidali du. Atsedenaldia 1-2ko markagailuarekin iritsi da. 


Bigarren zatian, Montanierren mutilek dezente sufritu dute, batez ere estrategiazko jokaldietan. Negredo izan da gola sartzeko abagune gehien izan dituena. Hala ere, ez du Claudio Bravo gainditzea lortu. 60. minutuan Carlos Velak hirugarrena egiteko aukera paregabea izan du, baina Betok gelditu ikusgarria egin du. 

Minutu gutxira, 68. minutuan, Cala partida berdintzeko zorioan egon da, baina bere errematea langa gainetik kanpora joan da. Sevilla gogor saiatu da berdinketa lortzen eta defentsa txuri-urdinak lan eskerga izan dute partidaren amaieran. 83. minutuan Realaren aukerarik argiena iritsi da, Griezmann 1-3koa egiteko puntuan egon da, baina, berriz ere, Betok kornerrera bidali du baloia. Azkenean Realak lortu ditu hiru puntuak. 


Fitxa teknikoa:
Sevilla: Beto; Coke (Cicinho, 66. minutuan), Cala, Fernando Navarro, Alberto Moreno; Medel (Stevanovic, 88. minutuan), Rakitic, Kondogbia; Jesus Navas, Perotti (Baba, 66. minutuan); eta Negredo. 

Reala: Claudio Bravo; Carlos Martinez, Iñigo Martínez, Cadamuro, De la Bella; Illarramendi (Javi Ros, 88. minutuan), Bergara, Xabi Prieto; Griezmann (Chory Castro, 88. minutuan), Carlos Vela (Estrada, 79. minutuan) eta Agirretxe. 


Golak: 1-0, 10. minutuan: Rakitic. 1-1, 16. minutuan: Rakitic, bere atean. 1-2, 24. minutuan: Agirretxe.

No hay comentarios:

Publicar un comentario