Txuri-urdinek gehiegi barkatu ostean, Granadak azken minutuan sartu du berdinketaren gola
Realak eta Granadak 2-2ko berdinketa lortu dute Anoetan. Montanierren taldeak gehiegi barkatu du eta azken minutuan Reciok egindako golak puntu bakarrarekin utzi du Reala. Donostiarrek laugarren postuan jarraitzen dute oraindik, baina Valentziarekin puntuetara berdinduta. Izan ere, averagea Realaren aldekoa da.
Partidaren hasieran ia ez da aukerarik egon. Izan ere, abaguneak ez dira estrategia jokaldietaraino etorri. 8. minutuan, Velak falta bat atera eta Agirretxek ez du area txikitik huts egin 1-0ekoa eginez. Usurbildarra jokoz kanpo zegoen arren, epaileak ez du ezer adierazi. Minutu gutxira, 14. minutuan, Granadak markagailuan berdinketa jartzea lortu du. Andaluziako taldea kontraerasoan atera eta El Arabik ez du barkatu.
Berdinketarekin partidaren erritmoak behera egin du. Ondorioz, parekotasuna izan da nagusi eta abaguneak eskasak izan dira. Atsedenaldira partida berdinduta iritsiko zela ematen zuenean, lehen zatiko azken minutuan, Realak 2-1ekoa egin du. Velak jokaldi eder batean, area ertzetik erdiraketa bikaina egin eta agirretxek bularrarekin bidali du baloia sare barrura. Honenbestez, 2-1eko emaitzarekin iritsi da partida atsedenaldira.
www.eitb.com |
Bigarren zatian Montanierren taldea izan da nagusi. Lehen minutuetan aukera argiak izan dituzte, baina Agirretxeren eta Velaren erremateak zutoinera joan dira. Txuri-urdinek larregi barkatu dute eta Granada lur jota egon da. Hala ere, Andaluziako taldeak estrategia jokaldi bat ederki bideratu eta partida berdintzeko zorioan egon dira. Bravok erantzun bikaina eman dio erremateari.
Donostiarrak gehiegi barkatzen ari zirela ikusita, Granada gora joan da berdinketa egiteko asmoz. Bravok lan handia egin behar izan du norgehiagokako azken minutuetan. Granadak aukera onak izan ditu, baina atezain txiletarra fin aritu da. Azken minutuetan kanpoko taldea izan da jaun eta jabe; hala ere, 89. minutuan, Estradak hirugarrena sartzeko aukera izan du, baina Roberto atezainak ederki erantzun du. Realak hiru puntuak eramango zituela ematen zuenean, azken jokaldian, defentsa txuri-urdinak huts egin eta Reciok sare barrura bidali du errematea 2-2ko berdinketa eginez. Horrenbestez, puntu banarekin geratu da talde bakoitza.
Fitxa teknikoa:
Reala: Bravo; Carlos Martinez, Iñigo Martinez, Mikel, De la Bella (Cadamuro, 88. min); Bergara, Xabi Prieto, Griezmann; Castro (Ifran, 66. min), Agirretxe, Vela (Estrada, 80. min).Golak: 1-0, 9. min: Agirretxe. 1-1, 15. min: El Arabi. 2-1, 44. min: Agirretxe. 2-2, 93. min: Recio.
No hay comentarios:
Publicar un comentario