Txuri-urdinek 4-2 irabazi dute Valentziaren aurka
Realak garaipen garrantzitsua lortu du Anoetan Valentziaren aurka 4-2 irabazita. Ondorioz, txuri-urdinak Txapeldunen Ligan jokatzeko ametsetik gertuago daude. Izan ere, donostiarrek bost puntuko alde lortu dute Valentziarekiko eta Malagarekiko.
Neurketaren hasiera indartsua izan da, biek nahi zuten garaipena kosta ala kosta. Txuri-urdinen lehen aukera bigarren minutuan izan da, baina Velaren jaurtiketa gutxigatik kanpora joan da. Jarraian Valentziak lehen aukera izan du, baina Claudio Bravok bikain erantzun dio Mathieuren jaurtiketari. Lehen gola 25. minutuan iritsi da, Cissokhok erdiraketa ona atera eta soldadok ez du Bravoren aurrean hutsik egin, horrela, talde valentziarra aurretik jarri da.
Valentziak gola sartu eta minutu gutxira, 29. minutuan, Bravok area kanpoan baloia eskuaz jo du, baina epaileak ez du ezer adierazi. Gutxinaka, Montanierren taldea suspertuz joan da eta 35. minutuan Iñigo Martinezek norgehiagoka berdintzea lortu du. Kornerretik zetorren erdiraketa bat boleaz sarera bidalita 1-1ekoa egin du. Lehen zatiaren amaiera 1-1eko berdinketarekin iritsi da.
Bigarren zatiaren hasieran, Valverderen taldea izan da baloiaren jabe, baina Reala sendo aritu da defentsan eta kontraerasoan min egitea bilatu du. Valentzia ondoen ari zenean, iritsi da txuri-urdinen bigarren gola, kontraerasoan 'Chory' Castrok 2-1ekoa egin du.
Golaren ondoren, Valentziak gogor jo du erasora, baina Realak ez du defentsan hutsik egin. Donostiarrak kontraeraso bidez arriskuz iritsi dira zenbaitetan Diego Alvesen atera. Horrela, 88. minutuan, Agirretxek 3-1ekoa egin du Xabi Prietoren erdiraketa on bat baliatuz. Golaren ondoren, Valentziak ez du etsi eta bi minutu geroago, 90. minutuan, Jonasek 3-2koa sartu du.
Juaris25 |
Luzapenean, Valentzia berdinketaren bila joan da lerro guztiak aurreratuz. Baina Realak beste kontraeraso bat baliatu du partidari amaiera bikaina emateko, Agirretxek gol eder bat sartu du 4-ekoa eginez. Honenbestez, txuri-urdinek lauagrren postuari eutsi diote.
Fitxa teknikoa:
Reala: Bravo; Carlos Martínez, Iñigo Martinez, Mikel, De la Bella; Illarramendi (Pardo, 87. min), Bergara, Xabi Prieto (Ansotegi, 88. min); Chory Castro (Zurutuza, 76. min), Vela eta Agirretxe.
Valentzia: Diego Alves; Joao, Ricardo Costa, Mathieu, Cissokho (Valdez, 79. min); Albelda (Guardado, 75. min), Ever Banega, Feghouli (Piatti, 72. min), Dani Parejo; Jonas, Soldado.
Golak: 0-1, 25. min: Soldado. 1-1: Iñigo Martinez. 2-1, 73. min: Chory Castro. 3-1, 86. min: Agirretxe. 3-2, 90. min: Jonas. 90+4. min: Agirretxe.