Mostrando entradas con la etiqueta Roberto. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Roberto. Mostrar todas las entradas

2013/05/13

Ihes egin dio garaipenak Realari (2-2)


Txuri-urdinek gehiegi barkatu ostean, Granadak azken minutuan sartu du berdinketaren gola
Realak eta Granadak 2-2ko berdinketa lortu dute Anoetan. Montanierren taldeak gehiegi barkatu du eta azken minutuan Reciok egindako golak puntu bakarrarekin utzi du Reala. Donostiarrek laugarren postuan jarraitzen dute oraindik, baina Valentziarekin puntuetara berdinduta. Izan ere, averagea Realaren aldekoa da. 
Partidaren hasieran ia ez da aukerarik egon. Izan ere, abaguneak ez dira estrategia jokaldietaraino etorri. 8. minutuan, Velak falta bat atera eta Agirretxek ez du area txikitik huts egin 1-0ekoa eginez. Usurbildarra jokoz kanpo zegoen arren, epaileak ez du ezer adierazi. Minutu gutxira, 14. minutuan, Granadak markagailuan berdinketa jartzea lortu du. Andaluziako taldea kontraerasoan atera eta El Arabik ez du barkatu. 
Berdinketarekin partidaren erritmoak behera egin du. Ondorioz, parekotasuna izan da nagusi eta abaguneak eskasak izan dira. Atsedenaldira partida berdinduta iritsiko zela ematen zuenean, lehen zatiko azken minutuan, Realak 2-1ekoa egin du. Velak jokaldi eder batean, area ertzetik erdiraketa bikaina egin eta agirretxek bularrarekin bidali du baloia sare barrura. Honenbestez, 2-1eko emaitzarekin iritsi da partida atsedenaldira. 
www.eitb.com
Bigarren zatian Montanierren taldea izan da nagusi. Lehen minutuetan aukera argiak izan dituzte, baina Agirretxeren eta Velaren erremateak zutoinera joan dira. Txuri-urdinek larregi barkatu dute eta Granada lur jota egon da. Hala ere, Andaluziako taldeak estrategia jokaldi bat ederki bideratu eta partida berdintzeko zorioan egon dira. Bravok erantzun bikaina eman dio erremateari. 
Donostiarrak gehiegi barkatzen ari zirela ikusita, Granada gora joan da berdinketa egiteko asmoz. Bravok lan handia egin behar izan du norgehiagokako azken minutuetan. Granadak aukera onak izan ditu, baina atezain txiletarra fin aritu da. Azken minutuetan kanpoko taldea izan da jaun eta jabe; hala ere, 89. minutuan, Estradak hirugarrena sartzeko aukera izan du, baina Roberto atezainak ederki erantzun du. Realak hiru puntuak eramango zituela ematen zuenean, azken jokaldian, defentsa txuri-urdinak huts egin eta Reciok sare barrura bidali du errematea 2-2ko berdinketa eginez. Horrenbestez, puntu banarekin geratu da talde bakoitza. 
Fitxa teknikoa:
Reala: Bravo; Carlos Martinez, Iñigo Martinez, Mikel, De la Bella (Cadamuro, 88. min); Bergara, Xabi Prieto, Griezmann; Castro (Ifran, 66. min), Agirretxe, Vela (Estrada, 80. min).

Granada: Roberto; Nyom, Mainz, Diakhate, Siqueira (Angulo, 46. min); Torje (Aranda, 57. min), Mikel Rico, Recio, Nolito; Brahimi; El-Arabi (Bounanotte, 73. min).


Golak: 1-0, 9. min: Agirretxe. 1-1, 15. min: El Arabi. 2-1, 44. min: Agirretxe. 2-2, 93. min: Recio.

2012/12/16

Golik gabeko berdinketa Granadan (0-0)

Gol aukera urriko neurketa jokatu da 'Los Carmenes' zelaian

Montanierren mutilek beste puntu bat lortu dute Granadan, honekin zazpi partida daramatzate galtzea zer den jakin gabe. Oro har, bi taldeek jokatu dute norgehiagoka eskasa, erasoan sakatu beharrean atzean geratu dira. 

Lehen zatian bi gol aukera argi besterik ez dira egon, talde bakoitzak bat. Etxeko taldeak partidaren aurreneko minutuetan izan du abagunea, baina Claudio Bravok bikain erantzun dio Ighaloren erremateari. Txuri-urdinen aukera Ifranek izan du 30. minutuan, baina Robertok errematea gelditu du. Horrenbestez, lehen zatiak ez du gehiagorako eman eta atsedenaldia heldu da. 


Bigarren zatiaren hasiera Realak agindu badu ere, ez du arrisku handirik sortu. Zurutuzak eta Griezmannek arriskuarekin heldu dira Granadaren areara, baina zorterik gabe. Bigarren zatia aurrera joan ahala, etxeko taldeak hobera egin du, baina ez dute markagailua aldatzerik lortu. Horrela, 0-0ko markagailuarekin adierazi du epaileak partidaren amaiera. 

Fitxa teknikoa:
Granada: Roberto, Nyom, Siqueira (Angulo, 71. minutua), Iñigo Lopez, Mainz, Siqueira, Iriney, Mikel Rico, Brahimi (El Arabi, 62. minutua), Torje (Jaime Romero, 69. minutua), Dani Benitez eta Ighalo.

Reala: Bravo, Carlos Martinez, Mikel Gonzalez, Iñigo Martinez, De laBella, Illarra, Zurutuza (Ruben Pardo,71. minutua), Xabi Prieto, Griezmann (Castro, 75. minutua), Vela eta Ifran (Agirretxe, 81. minutua).